Bilboko metropoli eremua

Bilboko metropoli eremua edo Bilbo Metropolitarra Bizkaiko hainbat udalerrik Bilbo inguruan osatzen duten metropoli eremua da, guztira 35 udalerriz osatutakoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen (LAA) arabera hurrengo udalerriek osatzen dute:[1] Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Urduliz, Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena. Horietatik 26 udalerri Bilboaldea eskualdearen parte dira.

Hirigune honen jatorriari buruzko lehenbiziko aipamena 1884koa da, ematen ari zen industrializazio prozesuak ekartzen hasi zuen populazioaren harira, El Noticiero Bilbaíno egunkariak Previsión izeneko artikulua idatzi zuenean, hurrengoa esanez: "ez dira urte asko pasako -Barakaldoko- Desertutik Portugaleteraino etxaldeak hain trinko egiten diren arte, ezen etenik gabeko kale luzea bilakatuko baiten."

Eustaten 2016ko biztanleria datuen arabera 892.747 biztanle ditu, Bizkaia osoko biztanleriaren (1.138.852 biztanle) gehiengo handia eremu honetan bizi delarik, eta Espainiako 6. metropoli eremurik handiena da, biztanle kopuruari dagokionez.[2]

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak-LAG. 2004-08-06 (Noiz kontsultatua: 2017-11-08).
  2. (Gaztelaniaz) Ministerio de Fomento. «Las Grandes Áreas Urbanas y sus municipios (ordenadas por población)» (Noiz kontsultatua: 2017-11-08).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne